HIZKUNTZAK

Artezkaritza Kontseilua: 1. buletina (2021.09.29)

Irailaren 29an egin dugu Artezkaritza Kontseiluaren 2021-22 ikasturteko lehen bilera. Gai hauek landu ditugu:

Ikasturte hasieraren ingurukoak

Etapaz etapa, 2021-22 ikasturtearen lehenengo asteak nola joan diren errepasatu dugu, zuzendarien, irakasleen ordezkarien eta gurasoen ordezkarien informazioan oinarrituta.

Oro har, ikasturtea iaz baino lasaiago hasi dugula nabarmendu behar da, bai aplikatu behar diren protokoloak lehenago iritsi direlako eta bai iazko eskarmentua badugulako.

Haur Hezkuntzan, COVID egoerari lotuta, irakasleek oraindik musukoa erabili behar izateak eta elkarbizitza taldeetan lan egin behar izateak mugak jartzen ditu, besteak beste, kanpo espazioak erabiltzerakoan eta ikasleekin komunikatzerakoan. Beste neurri batzuk malgutu dira eta horrek ahalbidetu du pandemia aurreko jarduera batzuk berreskuratzea: gurasoak geletara sartzea, ingeleseko gela erabiltzea, psikomotrizitate saioak egitea… Jarraipen Batzordeak dagoeneko egin du lehenengo bilera eta horren guztiaren inguruan hitz egin da.

Udan, Linoko espazioak moldatu dira, aldaketa pedagogikora egokitzeko. Moldaketa hori etapa honetako irakasleek egin dute nagusiki, abuztuaren amaieran, guraso batzuek lagunduta. Artezkaritza Kontseiluak eskerrak eman nahi dizkie irakasleei eta guraso horiei, opor garaian lan hori egin dutelako, ikasturtea ongi hasi ahal izateko.

Lehen Hezkuntzan, etapako antolaketa berriarekin hasi da ikasturtea. Etapak bi ziklo izango ditu aurrerantzean: Hazten zikloa (LHko 1., 2. eta 3. mailak), HHren ildoaren jarraipena; eta Heltzen zikloa (LHko 3., 4. eta 5. mailak), DBHren arrastoari helduko diona. Ziklo horietako bakoitzari bere nortasun propioa ematea izango da aurtengo erronka nagusia, etapa osoaren barne kohesioa areagotzearekin batera.

Ikasturte honetan, etapako guraso batzordearen ardura Xabi Gorrotxategi kontseilukideak hartuko du, Iñaki Erkizia kontseilukidearen ordez.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, etapako plangintza ixtea kosta egin da, COVIDari lotutako diru laguntzez baliatuz, kontratazio berriak egin baitira azken unean. Horrela, ikasle talde txikiagoekin lan egingo da. DBHko 3. eta 4. mailetan, Hezkuntza Sailak onartuta, aukera izango dugu gela banatan etapako ohiko erritmoa jarraitzeko zailtasunak dituzten ikasleei arreta hobea eskaintzeko.

Aurtengo erronka nagusia ebaluazio sistema aldatzea izango da: diziplinarteko proiektuak sortu nahi dira, gaitasunetako batzuk horien bidez ebaluatzeko.

Oiartzori dagokionez, Batxilergoko lehen mailan lau talde izatea da berritasun nagusia. Aurreko urteekin alderatuta, ikasleen ratioa jaistea eta ikasle bakoitzaren jarraipen estuagoa egitea ahalbidetuko du horrek. Baina, aldi berean, ordutegiak egitea zaildu du eta, azkenean, urteetan taldekatzeak egiteko erabili izan den irizpidea aldatu egin behar izan da: orain arte, modalitate desberdinetako ikasleak nahasten ziren geletan, jatorria eta generoa ere kontuan hartuta. Baina, aurten, modalitatearen araberako gelak egin behar izan dira.

Bestalde, diziplinarteko 3 proiektu egingo dituzte ikasleek, Batxilab egitasmoaren barruan, erronken arabera lan egiteko.

Azkenik, zerbitzuetan, ikasturte honetan kontratatu diren zerbitzuak eta kontratazio horren bilakaera aztertu dira. Nabarmentzekoa da jangela ikasle gutxiagok kontratatu dutela, hiru arrazoirengatik: Haur Hezkuntzan ikasle gutxiago dagoelako, COVID egoerak berak ikasleak etxean bazkaltzea ekarri duelako, eta DBHn ordutegi jarraitua izateak ikasleek jangela zerbitzua ez erabiltzea ekarri duelako. Egoera horiek eragina izan dute kontratatutako autobus bidaietan ere.

Eskolaz kanpokoetan, oraingoz Eskola Kirola bakarrik eskaini ahal izan da. Jarduera horretan, pandemia aurreko kopuruetatik gora gaude.

COVIDari lotutako diru laguntzak

COVIDari lotuta, iazko ikasturtean Eusko Jaurlaritzak eman zituen laguntzak zuritu dira, baina oraindik zuriketa horiek aztertzen ari da Hezkuntza Saila. Beraz, laguntza guztia ez da kobratu. Urtea bukatu aurretik egiaztatze hori bukatzea espero da.

2021-22 ikasturtean ere izango dira diru laguntzak, langileen gaixotasunak direla eta ordezkaketak egiteko, langileak kontratatzeko, garbiketa indartzeko eta IKT gailuak erosteko.

Langileen kontratazioari dagokionez, COVIDak agerian utzi dituen gabeziak indartzeko erabiliko dira kontratazio horiek. Gurean, bi helburu nagusi planteatu dira: euskararen erabilera eta kalitatea areagotzea eta aniztasunari erantzutea. Aniztasunaren esparruan, hezkuntza premia bereziei erantzuteko baliabide gehiago jarriko dira; gela barruko errefortzuak ugarituko dira; arlo jakin batzuk indartzeko bikoizketak planteatuko dira; eta orientazio lana indartuko da, ikasleen jarraipen eta arreta emozional-akademikoa egiteko.

Bestalde, COVID erreferentea kontratatuko da. Joan den ikasturtean, zeregin hori zuzendaritzak hartu zuen bere gain, baina, aurtengoan, administrazioko langile batek izango du ikasleen eta irakasleen positiboak kudeatzeko ardura.

Baso Eskolaren ebaluazioa eta hurrengo pausoak

Erabiltzaileek oso balorazio positiboa egin dute Baso Eskolaren jardunaz. Gure hezkuntza proposamena osatzen duen ekimena da, edukiak eta gaitasunak beste modu batera lantzeko aukera ematen duena. Haur Hezkuntzari begira, Baso Eskolaren proposamena guztiz bat dator hIZANen oinarri pedagogikoekin, konpetentzien lanketarekin eta pertsona ereduarekin, beraz, asebetetzea handia da.

Baso Eskolaren proposamen hori oso baliagarria dela ikusten da eta egitasmoa indartu nahi da. Haur Hezkuntzan, ikusi da iazko goizeko saioak motz geratu zirela eta aurtengorako egun osoko saio batzuk egitea proposatzen da, hiruzpalau saio ikasturtean. Egun osoa Añabitarten ematen duten saio horietan, ikasleek baserrian bazkalduko dute eta Ikastolako jangelan prestatuko da denentzat janaria.

Baso Eskolaren finantzaketari dagokionez, iazko ikasturteko gastuak (prestakuntza eta ahokularitza, espazioak egokitzea, autobuseko joan-etorriak, baliabide materialak…) Ikastolak hartu ditu ere gain, COVIDak sortutako gastuen artean. Etorkizunari begira, ordea, proiektua finantzatzeko dirua nondik etorriko den aztertu behar da. Aurreikusten da urtero 15.000 euro inguru behar direla proiektuari eusteko.

Gurasoek kuota gehigarri bat ordaintzeko proposamen bat egin da, baina Haur Hezkuntzako guraso batzordearen ordezkarien iritzia entzun ondoren eta testuingurua bera kontuan hartuta, erabaki da 2021-22 ikasturtean ere Ikastolak bere baliabideetatik jartzea aurrekontu hori, bi arrazoirengatik: alde batetik, proiektua bera oraindik finkatzeko bidean dagoelako eta, bestetik, etorkizun hurbilean, tarifen ereduaren inguruko gogoeta egiteko asmoa dagoelako, Plan Estrategikoa amaitutakoan. Bestalde, Hezkuntza Saila ere Hezkuntza Lege Berria lantzen ari da eta horrek aldaketak ekar ditzake itunpeko ikastetxeen finantzaketan.

Hortaz, hori guztia kontuan hartuta, iaz bezala jarraitzea erabaki da. Aldaketa bakarra da Haur Hezkuntzan jangelan gelditzen ez diren haurrek jangelako otordua ordaindu beharko dutela egun osoko saioa egiten dutenean (urtean 3-4 aldiz).

Artezkaritza Kontseiluak proiektu hau finantzatzeko kanpoko iturriak bilatzeko konpromisoa ere hartu du.

Bestalde, familiei Baso Eskolan zertan den erakusteko, bisita gidatuak egin dira irailean. Gutxi gorabehera 300 pertsona inguruk izan dute aukera Baso Eskola ezagutzeko, proiektuaren dinamizatzaileek eta irakasleek lagunduta. Artezkaritza Kontseiluak Jone Briñas eta Ane Gartzia dinamizatzaileen eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleen lana eskertu nahi du, familiei aukera hori emateko.

Plan Estrategikoa berritzeko prozesuaren hasiera

Kooperatiba Elkartearen 2021eko Batzarrean hartutako konpromisoari erantzunez, 2021eko irailean hasi dugu datozen 3-4 urteetarako Plan Estrategikoa berritzeko prozesua. Artezkaritza Kontseiluko lantalde batek hartu du eginkizun horren ardura, Aurkene Redondo Enbor Consultoreseko aholkulariak gidatuta. Irailetik otsailera bitarte, lan horri ahalegin berezia eskainiko diogu.

Lehenengo asteetan, Ikastolaren eginkizuna, ikusmira eta balioak eguneratu ditugu eta, AMIA tresna erabiliz, egungo egoeraren diagnosia egin dugu: ingurunetik datozen aukerak eta mehatxuak aztertu ditugu eta guk geuk ditugun indarguneak eta ahuleziak. Orain arte egindako lana gurasoen eta langileen ordezkariekin kontrastatuko dugu, azaroaren amaieran eta abenduaren hasieran egingo diren bileretan.

Diagnosi bateratu horretatik ondorioztatuko dira datozen urteetarako ildo estrategiko nagusiak. Eta ildo horietatik etorriko dira gero ekintzak.


Artezkaritza Kontseilua: 1. buletina (pdf-a)